42 Urduliz Bizkaiak MerkaLan 2026 Euskadiko Enplegu eta Prestakuntza Azokan parte hartuko du

Azaroaren 18an Bilbao Exhibition Centren (BEC) izango gara, gure prestakuntza-eredua ezagutarazteko eta lan-merkatuak behar duen talentu digitala garatzeko egiten dugun ekarpena erakusteko

Adimen artifiziala (AA) lan-mundua eraldatzen ari da, eta, horrekin batera, enpresek behar dituzten gaitasunak ere aldatzen ari dira. Testuinguru horretan, 42 Urduliz Bizkaiak MerkaLan 2026 azokan parte hartuko du azaroaren 18an, Lanbidek antolatutako Enplegu eta Prestakuntza Azokan, Bilbao Exhibition Centren (BEC).

Aurtengo edizioa LANALDI Euskadiko enpleguari buruzko topaketa handiaren baitan egingo da, eta adimen artifizialak lan-merkatuan duen eragina eta eraldaketa teknologikoaren aurrean pertsonek duten zeregina izango ditu ardatz.

Hausnarketa horrek lotura zuzena du gure prestakuntza-ereduarekin: 42 Urduliz Bizkaian ez dugu adimen artifiziala erabiltzen bakarrik irakasten; haren atzean dagoen teknologia ulertzeko eta garatzeko prestatzen ditugu ikasleak.

Gaurko eta etorkizuneko lan-merkaturako prestakuntza teknologikoa

42 Urduliz Bizkaian proiektuetan oinarritutako prestakuntza praktikoa eta doakoa eskaintzen dugu. Horri esker, ikasleek gaitasun teknikoak ez ezik, lan-ingurunean ezinbestekoak diren zeharkako gaitasunak ere garatzen dituzte.

Klase eta irakaslerik gabeko metodologia berritzaile baten bidez, gure ikasleek arazoak konpontzen, taldean lan egiten eta erronka teknologiko berrietara egokitzen ikasten dute. Prestakuntza horrek enpresa-sarearen egungo beharrei eta eraldaketa digitalak dakartzan erronkei erantzuten die.

Izan ere, lanaren etorkizunerako ez da nahikoa tresna berriak erabiltzen jakitea: tresna horiek sortzeko, garatzeko eta hobetzeko gai den talentua ere behar da.

Talentua AAren garaian: etorkizuneko enpleguari buruzko hausnarketa

Stand propioa izateaz gain, Estíbaliz Leónek, 42 Urduliz Bizkaiko zuzendariak, «El talento en la era de la IA» mahai-inguruan parte hartuko du, Antonio Ruedarekin, VASS Fundazioko zuzendariarekin, eta Oihane Aldaiturriagarekin, BBK Fundazioko Talentu eta Ekintzailetzako arduradunarekin, batera. Arantxa Niño Lanbideko Prestakuntzako zuzendariak gidatuko du solasaldia.

Mahai-inguruak talentu digitala prestatzeko programen arduradunak bilduko ditu, adimen artifizialak lan-merkatuan eragiten dituen aldaketen aurrean prestakuntzak duen zereginaz hausnartzeko.

42 Urduliz Bizkaiatik gure ikuspegia partekatuko dugu: aldaketa teknologikoetara egokitzeko gai diren profesionalak prestatzea ez ezik, etorkizuneko lan-mundua eraldatuko duten irtenbide teknologikoak garatzeko gaitasuna ematea ere ezinbestekoa da.

MerkaLan 2026 azokan ikusiko dugu elkar!

Azaroaren 18ko aurrez aurreko jardunaldian, 42 Urduliz Bizkaiaren standa izango dugu. Bertaratzen direnek gure campusa eta metodologia ezagutzeko aukera izango dute, baita prestakuntza teknologikoak beren ibilbide profesionalari bultzada emateko eskaintzen dituen aukerak ezagutzekoa ere.

Gure ikasleak ere MerkaLanen izango dira, enpresekin harremanetan jartzeko, kontaktu berriak egiteko eta aukera profesional berriak ezagutzeko.

Teknologia ikasteko beste modu bat ezagutu eta sektore teknologikoan zure bidea egin nahi duzu? Azaroaren 18an izango gaituzu zain, 10:00etatik 17:30era, BECeko Luxua aretoan.

 

Egun horretan etortzerik ez baduzu, gure ate irekien jardunaldietako batera etortzera gonbidatzen zaitugu. Zuretzat egokiena den eguna aukera dezakezu esteka honetan.