Metodologia

42 Urduliz Bizkaiko bi ikasle, 42 metodologiaren bidez proiektu batean lanean.

Metodo pedagogikoa

42n elkarrekin ikasten dugu

PROIEKTUETAN OINARRITUTAKO IKASKUNTZA

42n, zeure ikaskuntza-prozesuaren ardura hartuko duzu. Ikasketa-plana guztiz praktikoa da, eta proiektuak garatzean eta askotariko erronkak gainditzean datza.

PEER-TO-PEER

42ko kide egiten bazara, ez duzu irakaslearen rola hartuko duen aditurik izango zure alboan. Aurrean izango dituzun erronkei zeuk bilatu beharko dizkiezu erantzunak, eta horretarako zurekin batera ikasten ari direnen laguntza izango duzu. Lan egiteko modu horrek aurrera egiten eta lanerako zein harremanetarako trebetasunak hobetzen lagunduko dizu. Parekoen arteko ikaskuntzak etengabe aldatzen ari den lan-munduan moldatzeko prestatuko zaitu.

 

HUTS EGINEZ AURRERA EGIN

Akatsak ez dira bidearen amaiera. Aurrera egiteko, saiatu, egindako akatsak ulertu, zuzendu eta berriro probatu beharko duzu. 42n, zeure irtenbideak bilatzera bultzatzen zaitugu, eta ikasitakoa besteekin partekatzea ezinbestekoa da. Huts egitea ez da porrota, ikaskuntza-prozesuaren parte baizik.

PAREKOEN ARTEKO EBALUAZIOA

Hezkuntza-eredu tradizionalean, ebaluazioa ikaskuntza-prozesuaren amaieran egin ohi da. 42n, aldiz, etengabea da eta ikasleen artean egiten da. Besteen lana aztertzen eta baloratzen ikasiko duzu, eta zure ikaskideek ere zure lana ebaluatuko dute, campuseko ikaskuntza-eredu bereziari jarraituz. Ebaluatzeko modu horrek elkarrizketa eta hausnarketa sustatzen ditu. Gainera, ezagutza eta esperientzia partekatzeko aukera ematen du, aholkuen, jardunbide egokien eta proiektu berari buruzko ikuspegi desberdinen bidez. Eta, batez ere, elkarrekin ikasteko aukera ematen du.

JOLAS-DINAMIKETAN OINARRITUTAKO IKASKUNTZA

42k motibazioa sustatzen duen ingurunea eskaintzen du, ikaskuntzaren kalitatea eta campuseko ikasleen ongizatea hobetzeko. Ikasketa-planean aurrera egin ahala, lorpenak eskuratuko dituzu eta zirkulu zein maila berriak desblokeatuko dituzu. Ikasle-esperientziak zeure burua gainditzera eta besteekin partekatzera bultzatuko zaitu, gaitasun eta trebetasun berriak eskuratzen dituzun bitartean.

TALDE LANA

42n elkarlana eta talde-lana sustatzen dira. Metodologiak ikasleak beren ideiak, zalantzak eta erronkei aurre egiteko ikuspegiak partekatzera bultzatzen ditu.

KLASE MAGISTRALIK ETA IRAKASLERIK GABE

Metodologia berritzaile honi esker, 42n ez dago klase magistralik. Proiektuek, mailek, ebaluazioek eta azterketek osatutako ikaskuntza-esperientzia duzu eskura. Bertan, zu eta zure ikaskideak zarete protagonistak eta aurrera egiteko ardura duzuenak. Horretarako, taldean lan egin, komunitatearekin elkarlanean aritu, erronkak gainditu eta zure parekoekin ezagutza zein esperientzia partekatu beharko dituzu.