EGUNGO EGOERA42 URDULIZ

Profil digital berriak sustatzeko 42 Urduliz programazio-campusak apirilaren 12an irekiko ditu ateak

Epeak laburtuko dira Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Telefónica Fundazioaren proiektuan Apirilean abiaraziko dira ikasleen lehenengo hautaketa egiteko azken frogak, hainbat hilabetetan campus berritzaileak Urduliz Dorrean hartuko dituen 2.400 metro karratuak egokitzeko obrak egin ondoren. Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Javier Benito Telefónica Euskadiko zuzendariak espazioa bisitatu dute gaur goizean, hau da, Bizkaiko etorkizuneko profesional digitalak prestatuko dituen espazioa. 42 ikaskuntza-eredu aitzindaria da, adin-mugarik gabea eta guztiz doakoa. Gainera, bertan sartzeko, ez da aldez aurreko titulaziorik eskatzen.

42 Urduliz programazio-campusa Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Telefónica Fundazioaren ekimen bat da, eta profil digital berriak sustatzeko diseinatu da. Apirilaren 12an irekiko ditu ateak. Hala iragarri dute gaur goizean Bizkaiko Ahaldun Nagusia den Unai Rementeriak eta Telefónica Euskadiko zuzendaria den Javier Benitok Urduliz Dorrera egindako bisita batean. Hain zuan ere, programazio-campusak hartuko dituen 2.400 metro karratuak egokitzeko obrak bisitatu dituzte bertan.

42 Urduliz campusaren xedea profesionalak trebatzea da, bertan lan-merkatuak eskatzen dituen zeharkako gaitasun digitalak eskura ditzaten. Ekimenaren bereizgarrietako bat da guztiz berritzailea den pedagogia-eredu aitzindari batean oinarritzen dela, eta, gainera, adin guztietako pertsonek parte hartu dezakete, aldez aurreko eskarmenturik edo titulaziorik aurkeztu beharrik gabe. Bestalde, doakoa da eta 24 orduz egongo da irekita asteko zazpi egunetan.

«Ekimen guztiz desberdina da. 42 Urduliz Bizkaia aukera bikaina da Bizkaiarentzat. Hemen sartzeko, ez zaio inori aldez aurreko titulaziorik eskatuko. Hemen gogoa, pertseberantzia eta taldeka lan egiteko nahia behar dira. Hemen ez dago adinik, aukerak baino ez. Aukera digital paregabea. Lan-merkatuak profil digitalak behar ditu, mota horretako talentua behar du eta. Zibersegurtasuna, Big Data, adimen artifiziala, Blockchain, gauzen Internet… Alor horiek guztiak daude 42Urduliz campusean», adierazi du Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak.

Bestalde, Javier Benitok nabarmendu duenez, “orain, inoiz baino gehiago, 42 Urduliz bezalako ekimenek zentzua hartzen dute, hemen, Bizkaian. Campus honetan, pertsonak eta gaitasun digitalak lotzen dira, eta berrikuntza, sormena eta teknologia uztartzen, etorkizuneko aukera profesionalak sortzeko”. Telefónica Euskadiko zuzendariak adierazi du “trebetasun teknikoetatik haratago doan prestakuntza berritzaile eta iraultzaile bat dela”. “42 Urduliz ekimena martxan jartzearekin batera, aurrerapauso bat eman dugu eta lan-merkatu aldakorraren beharrei erantzungo diegu, inor atzean geratu ez dadin” ondorioztatu du Javier Benitok.

Unai Rementeriak eta Javier Benitok azaldu dute dagoeneko 1.200 pertsonak baino gehiagok erakutsi dutela ekimenarekiko interesa, eta aurretiko izen-ematea egin dute 42 Urduliz campusean. Aurretiko izen-emateen hurrengo urratsa online egingo diren bi test gainditzea izango da, eta gainditzen dutenek azken frogan parte hartu ahal izango dute behin betiko leku bat lortzeko. Azken froga horrek, gogorragoa eta zorrotzagoa, “igerilekua” izena du, eta apirilaren 5ean hasiko da. Guztira, 26 egun beharko dira froga burutzeko, eta aldi horretan izangaiak, batez beste, 10-12 ordu egongo dira akademian, guztira, 13 proiektu diseinatzeko. Aldi horretan, 42 campusean egunero-egunero biziko dutenaren oso antzeko egoera bati egin beharko diote aurre, campusean lan egiteko dagoen filosofiari, eta, halaber, egokitzeko, ezustekoak maneiatzeko eta erronka berriak ebazteko modua bilatu beharko dute.