EGUNGO EGOERA42 URDULIZ

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Telefónica Fundazioak 2021ean “42”, programazio campus berritzailea, irekiko dute Urduliz Dorrean

Telefonica Fundazioaren ekimena, Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankide jardunik, Urduliz Dorrean kokatuko da. Bost solairuko gunea izango da, 2.400 m2-koa, eta 2021eko lehen seihilekoan irekiko da, 600 ikaslerentzat. '42' eredu pedagogiko aitzindaria da, pareen arteko ikaskuntza eta gamifikazioa oinarri dituena, eta ikasle bakoitzak askatasunez markatzen du bere ikaskuntza-erritmoa. Eredu horretan, lankidetza-lana, egiten diren ahaleginak eta egiten diren ahaleginon iraupena gailentzen dira. Doakoa, presentziala eta asteko 7 egunetako 24 orduetan irekia, '42' eredua 20 campus baino gehiagotan nazioartean izandako arrakastak bermatzen du.

Presentacion 42 Urduliz

Telefonica Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak indarrak batu eta ’42’ eredu pedagogiko berritzaile eta disruptiboaren alde egin dute, Urdulizko Dorrean (Bizkaia) campusa abian jarrita. ’42 Urduliz’ izeneko campusak 2021eko lehen seihilekoan irekiko ditu ateak, bost solairuko eta 2.400 m2-ko eremuan. Akademiak 600 ikaslerentzako lekua izango du eta ia 200 ordenagailu izango ditu. Eredu hori mundu osoko 20 campusetan baino gehiagotan izan duen arrakastak bermatzen du. Etorkizuneko profesional digitalak prestatzea du helburu, gaitasun digital berriak eta zeharkakoak eskatzen dituen lan-merkatu aldakor baterako.

Eguneroko jarduera guztien digitalizazioa etengabe hazten ari den gizarte honetan, trebakuntza digitalik eza gizarte-bazterketarako eragile bihur daiteke, prestakuntza akademikoaren beraren mailan. Egoera hori larriagotu egiten da pertsonen enplegagarritasuna gero eta gehiago haien gaitasun digitalaren mailaren araberakoa bada. DESIren arabera (The Digital Economy and Society Index), Euskadi zortzigarren postuan dago, Alemaniaren eta Frantziaren aurretik giza kapitalaren dimentsioan, Europako batez bestekoa baino 10 puntu gorago, Estatu osoari dagokion kopurua Europako batez bestekoa baino 3,5 puntu beherago dagoen artean*. Azken kasu horretan, 16 eta 74 urte bitarteko pertsonen erdiek baino gehixeagok oinarrizko gaitasun digitalak dituzte. Gaitasun-falta hori ez dator bat lan-merkatuan geroz eta eskaera handiagoa duen profil digital kualifikatuarekin. Estatuan bakarrik, iaz 300.000 lanpostu* bete gabe geratu ziren, eta, gaur egun, enpresen ia % 60k zailtasunak dituzte gehien eskatzen diren profil digitalak aurkitzeko.

’42 Urduliz’ campusarekin, Telefonica Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak beste urrats bat eman dute eta etorkizuneko lanbide-agertokiari aurrea hartu diote. Elkarrekin lan-merkatuaren beharrei erantzun nahi diete eta gizartea lanbide digital berrietarako prestatu nahi dute, talentu teknologikoak erakartzeko eta gizarte osorako prestakuntza digitalaren alde egiteko konpromiso sendoa duen esparru jakin batean: Bizkaian; izan ere, horri esker, besteak beste, Bizkaia berrikuntzaren erreferente bilakatuko da.

Aurkezpen ekitaldian, gaur goizean, Bilboko Foru Liburutegian, honako batzarkide hauek izan dira: Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapeneko diputatua; Carmen Morenés, Telefónica Fundazioko zuzendari nagusia; Francisco Javier Zorrilla, Telefónica Iparraldeko Lurraldeko zuzendaria; Javier Benito, Telefonicako zuzendaria Euskadin; Luis Miguel Olivas, Enplegagarritasuneko eta 42 Telefonica Fundazioko zuzendari globala eta Joseba Mariezkurrena, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekintzailetza eta Lurralde Lehiakortasuneko zuzendaria.

Carmen Morenesek adierazi duenez, “bizitzea egokitu zaigun une zail hauetan erronka bat dugu aurrean: inor atzean ez geratzea. Hori dela eta, Telefonica Fundazioan uste dugu hezkuntza gakoa dela aurrerabidean laguntzeko eta gizarte-etena hauste aldera. Digitalizazioa, orain, prestakuntzaren eskutik joan behar duen beharrezko tresna gisa aurkezten da. Orain inoiz baino gehiago, ’42 Urduliz’ (Bizkaia) bezalako ekimenak zentzuzko eta beharrezko ekimen gisa agertzen ari dira, eta ilusioz gainezka gaude gaurko profesional digitalen prestakuntzari gure alea emateko. Hain zuzen ere, proiektu aitzindari eta iraultzailea da, etorkizunerako aukera ezin egokiagoa eskaintzen diguna”.

Ainara Basurkok, Ekonomia Sustatzeko  diputatuak, proiektu honek gaitasun digitala eta talentua oinarri hartuta lurraldean izango duen garrantzia azpimarratu du. “Gaur aurkeztuko dugun proiektuak eragin handia izango du Bizkaian, eta epe laburrean ditugun erronka handietako bati erantzuten dio: digitalizazioari. “42 Urdulizek”  pertsona ekintzaileak, enpresak eta talentua konektatuko ditu. Enplegua eta prestakuntza zentroan jartzen dituen ekimen berritzaile eta inklusibo baten bidez  Bizkaiak etorkizuneko profesionalak trebatzeko ekimen global baten parte hartuko du”, azaldu du.

‘42’ ekimenaren metodologia

Iraultza digitalaren erronka eta aukera berriek life long learning gauzatzera behartzen dituzte profesionalak, etengabeko ikaskuntza-prozesua lan-merkatuan konpetenteak izateko beren ibilbide profesionalean. ’42’ ekimenari dagokion metodologia Urdulizen dago orain, Bizkaian, eta urtebete darama Estatuan ezarrita; izan ere, gizartea enplegagarritasun berri horretarako prestatzen ari da. Etorkizuneko programatzaile eta profesional digital kualifikatuak prestatzen laguntzen du, profesionalok lan-erronka berriei aurre egin diezaieten. Hain zuzen, profil digitalak pandemiaren ondorik inoiz baino beharrezkoagoak dira ekonomia suspertze aldera.

‘42’ ereduak, besteak beste, zibersegurtasuna, Big Data, Adimen Artifiziala, Blockchain eta IoT teknologietan lan-aukerak eskaintzeko erronka hartu du bere gain. Metodo aitzindari eta disruptiboa da, pareko profesionalen arteko ikaskuntza, gamifikazioa eta autoikaskuntza oinarri hartuz, eta metodo hori gauzatzeari dagokionez, eredu hori hogei herrialdetan baino gehiagotan laneratzearen % 100eko arrakasta-emaitzak bermatzen du.

’42 Urduliz’ campusean onartua izateko, ez da aldez aurreko ezagutza teknikorik behar, ezta inolako titulaziorik ere, aski baita 18 urte baino gehiago izatea, eta, batik bat, ikasteko gogoa eta jarrera ona edukitzea eta lanari irmo ekitea. Sartzeko, bi fase gainditu beharko dira: izena emateko test bat (linean) eta 26 eguneko aldi presentzial bat (igerilekua). Esperientzia zirraragarria izango da campusera behin betiko sartzeko asmoa duten hautagaientzat. Horren ondoren, ’42’ko ikasle gisako murgiltze sakona hasiko litzateke.

‘42’ filosofia

’42’ campusa programazio akademia bat baino askoz gehiago da, hezkuntzaren paradigma guztiak hausten dituen iraultza-gunea baita. ’42’ren filosofia trebetasun teknikoetan prestatzeaz harago doa; horrezaz gainera, ikasleek enpresek gehien baloratzen dituzten zeharkako trebetasun eta gaitasunetan ere prestatu nahi du, hala nola ahaleginen arloan, frustrazioarekiko tolerantzian, arazoak gainditzeko gaitasunean, problemak konpontzean, malgutasun kognitiboan edo talde-lanean. Kontzeptu berri horretan, ikasleak ikasten ikasten du, askatasunez aukeratzen du bere bidea eta lankidetza da, hain zuzen ere, jokabiderako irizpide nagusia. Hori guztia etorkizuneko programatzaileak ikaskuntzan inspiratzeko diseinaturik dagoen espazio batean gauzatzen da, non sormena, adimen emozionala eta bizikidetza sustatzen diren.

Hedatzen ari den eredu arrakastatsua

2020. urtean, Telefonica Fundazioaren eskutik hedatu zen ’42’ arrakasta-eredua, eta, Madrilez gain, Malagako campusak ere gehitu ziren, Malagako Udalarekin, Alacanteko Udalarekin eta Valentziako Generalitatearekin lankide jardunik, eta, orain, Urdulizko campusa, Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankide jardunik. Izan ere, Madrilgo akademiaren arrakastak babesten du Espainiako lurralderako hedapena. Madrilgo campusak, prestakuntza digitala bultzatzen urtebete daramanak, esparru digitalean profesionalki hazi nahi dutenak erakarri ditu gaurgero, eta, ikasleen erdiak Madrildik datozen arren, autonomia-erkidego guztietako kide ugari daude, baita 25 herrialde baino gehiagotatik datozen ikasleak ere, besteak beste, Venezuela, Peru, Kolonbia, Italia, Frantzia eta Hego Koreakoak. Ia urtebetean, 18 eta 61 urte bitarteko 25.000 pertsonak baino gehiagok eman dute izena, eta datu horien arabera, denei irekitako gunea da, eta gaurgero 1.300 pertsona baino gehiago bisitatu dituzte, ’42’ ekimenaren metodologiarekin liluraturik.

‘42’ globala zertan den

’42’ campusa da programazioaren bidez hezkuntza eskaintzen duen lehen campusa, doan eta guztientzat irekia, prestakuntza edozein dela ere; 18 urtetik aurrerako ikasleak hartzen ditu eta haren sistemaren arrakasta frogaturik dago. Izan ere, haren hezkuntza-eredua berdinen arteko ikaskuntza du oinarri: partaidetzarako sistema bat da, eskolarik gabea eta irakaslerik gabea, eta horrek aukera ematen die ikasleei beren sormena bete-betean adierazteko, proiektuak egitea oinarritzat duen ikaskuntzari esker. ’42’ 2013an sortu zen Parisen, teknologia informatikoaren industria arloan programatzaile gutxi zeudenean. Biharko profesionalik onenak modu masiboan prestatze aldera, jatorria edozein dela ere, ’42’ nazioartean hedatzen ari da, eta, bere ’42’ sarearen barruan, Frantzian, Belgikan, Marokon, Finlandian, Herbehereetan, Errusian, Brasilen, Indonesian, Armenian, Japonian, Kolonbian, Espainian, Kanadan eta Italian elkartutako campus talde bateko kide da. http://www.’42’.fr/

Bizkaiko Foru Aldundia

Bizkaiko Foru Aldundia, lurraldeko erakunde nagusia den aldetik, Bizkaia Europako abangoardia sozial eta ekonomikoaren aurrean egokiro kokatzeko estrategiaren buru da. Ekonomia Sustatzeko Sailaren bidez, Foru Aldundiak programak eta ekimenak sustatzen eta bultzatzen ditu Bizkaiaren garapena eta aurrerapena indartze aldera, lurralde berritzaile, talentudun, erakargarri, konektatu eta orekatu gisa.

Lurraldeko ekonomia- eta gizarte-sarearekin partekatzen duen estrategia zabala da, biharko Bizkaiak kalitatezko enplegua sortzeko eta mantentzeko gaitasun handia duela bermatzea xede duena.

Telefonica Fundazioa: aro digitalaren gizarte-alderdia sustatzen

Telefonica Fundazioa 1998tik ari da lanean gizarteratzearen katalizatzaile izateko aro digitalean. Ikuspegi horrekin, pertsonen garapen-aukerak hobetu nahi ditu, arima digitala, bokazio globala eta inklusiboa duten proiektuen bidez, hezkuntza eta prestakuntza gizartea eraldatzeko funtsezko tresna gisa erabiliz. Gainera, mundu digitalaren erronkei erantzuten dieten hezkuntza-, kultura-, enplegagarritasun- eta boluntariotza-proiektuak garatzen ditu, inor atzean gera ez dadin.

’42’ campusa 30 herrialdetan dago –Espainian, Latinoamerikan, Afrikan eta Asian–, eta 2018an 8,6 milioi pertsona baino gehiagorengana iritsi zen bere programen bidez. Telefonica Fundazioak hezkuntzaren arloko berrikuntzaren eta enplegagarritasun berrirako prestakuntzaren aldeko apustua egin du. Teknologia bere tresnarik baliotsuena den proiektuak sortzen ditu, eta aliantzak sustatzen ditu erakundeekin, enpresekin eta gizarte-eragileekin, campusaren lanbide-eragina handitzen laguntze aldera. Lan-errealitate berriaren testuinguruan gaitasunak, prestakuntza-gaiak eta trebetasunak hobetzeko lan egiten du, gaur eta bihar gehien eskatzen diren profil digitaletarako orientazioa, aholkularitza eta prestakuntza egokia emanez. Azken batean, Konekta Enpleguaren bidez edo ’42’ metodologia berri baten bidez lan-merkatu aldakorraren eskaerari erantzuteko konpromisoa hartu du.

*Txostena: ‘Infoempleo’, ADECCO

*Txostena: Ekonomia eta Gizarte Digitalak Euskal Herrian, ‘Orkestra, Lehiakortasunaren Euskal Institutua’ren